Mitxel Lakuntza (ELA): “Urkulluren errenten itunak enpresen mozkinak babestu nahi ditu, soldaten erosahalmenaren txikiagotzearen truke”
ELAk egoera sozioekonomikoari buruzko azterketa aurkeztu du gaur, eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak salatu du areagotzen ari dela patronala bultzatzen ari den langile klasearen pobretzea. Horren aurrean, dio, ELAk defendatuko ditu prezioen kontrola, irabazien eta kapitalaren gaineko zergen igoera, eta soldaten handitzea, gutxienez KPIaren neurrian. Mikel Novalek, ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak, aurkeztutako dokumentuaren datuetan oinarrituta egin ditu baieztapen horiek Lakuntzak, eta Leire Gallego Gizarte Ekintzako arduradunak azaldu ditu sindikatuaren proposamenak.
Soldata debaluazioa
Mikel Novalen esanetan, herritarren gehiengoa pobretzeko prozesua azkartzen ari da, aurkeztutako dokumentuak erakusten duen bezala. Soldatak, pentsioak eta gizarte prestazioak erosahalmena galtzen ari dira, enpresak, aldiz, irabaziak handitzen; batez ere enpresa handiak, ziurtatu du Novalek, Ibex 35eko datuek agerian uzten dutenez. “Enpresa horiek marka guztiak gainditu zituzten 2021ean, 60.000 milioi eurotik gorako irabaziekin, aurreko bost urteetako batez bestekoa baino % 64 gehiago, pandemiaren urtea kontuan hartu gabe. Eta hori gutxi balitz, 2022ko lehen seihilekoan ia % 8 hobetu dituzte irabaziak”.
Egoera horren aurrean, Mitxel Lakuntzak adierazi du ezohikoak izan beharko luketen onurak normalizatzen ari direla. Hori guztia gobernuen babesarekin, gainera: “Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hartutako neurriek bakarrik enpresen interesei mesede egiten diete, ez langile klaseari”.
Ildo horretan, patronalaren helburu bakarra da soldatak txikiagotzea, dio Lakuntzak. Egungo inflazioa kontuan hartuta, ziurtatu du soldaten erosahalmena % 7 txikiagotu nahi duela patronalak. “Batez beste, negoziatzen ari garen sektore guztietan % 2,5eko igoera proposatzen duelako”. Gainera, lan hitzarmenen ia % 60 berritzeke dauden honetan, “patronalak nahikoa du hitzarmenen negoziazioak blokeatzearekin debaluazio hori gertatzeko”.
Era berean, idazkari nagusiak esan du Urkullu lehendakariak proposatutako Errenta Itunak enpresa irabaziak babestu nahi dituela soldatak txikiagotzearen truke, eta horretarako Eusko Jaurlaritzak eta patronalak “estrategia partekatua” dutela. Gogorarazi duenez, patronalak bezala, Lakuak ere % 2ko soldata igoera aplikatu die euren langile publikoei, KPItik oso urrun.
Bestalde, Novalek azpimarratu du inflazio handia egiturazkoa dela, ez Ukrainako gerraren ondorio. Enpresak prezioetara irauli dituzte kostuen handitzeak, eta, horregatik, KPIa izugarri igo da energian, elikagaietan eta produktu guztietan. Gainera, interes tasen igoerak pobretze politika are gehiago larriagotuko du; bankuek, aldiz, mozkinak nabarmen handituko dituzte. Datozen hilabeteei dagokienez, Novalek uste du egoera ez dela orain baino hobea izango, ez inflazioari dagokionez, ez interes tasei dagokienez, horiek handitzen jarraituko baitute.
ELAren proposamenak
Egoera horren aurrean, Leire Gallegok aurkeztu ditu ELAren neurriak, pobretze prozesua iraultzeko eta eredu ekonomiko eta soziala errotik aldatzeko. Proposamen horien artean, aipatzekoa da soldaten eta pentsioen eroshalamena bermatzea. “Hitzarmen kolektiboek gutxienez aurreko ekitaldiko KPIaren soldata igoera bermatu behar dute, Gipuzkoako metalean, eraikuntzan edo lurralde bereko ostatu sektorea bezalako sektoreetan gertatzen ari den bezala”
Gainera, Gallegok EAEko politika publikoak nabarmen aldatzearen alde egin du, besteak beste, gaur egun gizarte prestazioetan aplikatzen diren hileko 250 eta 300 euro arteko murrizketak berehala aldatzeko, elektrizitatearen, gasaren edo erregaien prezioa topatzeko, energia eskubidea gizarte prezioko eskubide unibertsal gisa ezartzeko, garraio publikoaren prezioa modu iraunkorrean murrizteko edo zerga erreforma bat ezartzeko, mozkinen gaineko % 25eko gutxieneko tasa efektiboa ezarriz.